Mendekotasuna duten irundarrei laguntzeko OKencasa programa abiatuko du udalak
Mendekotasuna duten adineko senideak zaintzen dituztenei «harreman eta laguntza bide bat» eskaini nahi diete, «efektu positiboak» izango dituena antolatzaileen arabera.
Etxean mendekotasuna duten adineko senideak zaintzen dituztenei laguntzeko OKencasa programari atxiki berri da Irungo Udala. Laguntza sistema bat eskainiko diete irundarrei ere bai, Zaindoo aplikazioaren bitartez. Honekin, harreman eta laguntza bide bat sortuko dute zaintzailearekin, eta antolatzaileen ahotan, «efektu positiboak ditu adinekoen ongizatean, halako teknologiak inoiz erabili ez badituzte ere».
Gaur aurkeztu du Irunen abiatuko duten proiektu udaleko ordezkari Cristina Labordak, egitasmoaren sustatzaile eta arduradun Iñigo Kortabitarterekin batera. «Une honetan funtsezkoa da adinekoei eta haiek zaintzen dituztenei laguntzea. Alde horretatik, bizi dugun egoera zail honen ondorioz, gogor ari gara lanean pandemia hau gehien pairatzen ari diren kolektiboetako bati laguntzeko, eta hain zuzen proiektu hau ezin hobeto egokitzen zaio lan horri», esan du Gizarte Ongizateko ordezkariak. Kortabitartek aldiz, eskerrak eman dizkio udalari . Programaren helburua da zaintzaileen «bizi kalitatea hobetzea» dela erantsi du, finean, «zainketaren egunerokoa erraztea eta zainketa mendeko pertsonentzako ahalik eta kalitate handienekoa izatea». Bide batez, zaintzaileek egiten duten lana txalotu eta aitortu du.
Zaindoo
Programarekin, prestakuntza, antolakuntza tresnak eta laguntza psikosoziala eskainiko diete erabiltzaileei. Eta horretarako, Zaindoo aplikazioa baliatuko dute. Honekin zaintzailearen eta programaren arteko «interakzio bide erraz eta efektibo bat» sortuko dutela esan du Kortabitartek. Hala, zainketaren eta zaintzailearen egoeraren eboluzioaren jarraipena egingo dutela azaldu dute.
Programan parte hartzeko, beharrezkoa izango da mendekotasun maila bat aitortua izatea. Plazak mugatuak izanik, aukeraketa prozesu bat egingo dute. Interesdunek 943 003 723 telefono zenbakira deitu beharko dute programaren inguruko informazioa jasotzeko. Bestela,programaren gaineko xehetasun gehiago, esteka honetan kontsulta daitezke.