Asteburuan helduko diote 2020. urteko Fenomena jaialdiari
Osasun segurtasun neurri guztiak bermatu ahal izateko jaialdia egokitu behar izan duten arren, pozgarritzat jo dute antolatzaileek egitasmoa aurrera eraman ahal izatea.
Fenomena jaialdiak ehunka musika aditu eta zale mobilizatuko ditu asteburu honetan Hondarribian. Koronabirusak eragindako osasun krisia medio, kartela hainbat bider osatu behar izan dute antolatzaileek. Egoerak hala behartuta, beraz, Amerikako Estatu Batuetatik (AEB) eta Erresuma Batutik aurreikusitako musika taldeak bertan behera utzi, eta bertako, Herrialde Katalanetako eta Espainiar Estatuko taldeak ariko dira azkenean oholtza gainean.
Kontent aurkeztu dute jaialdiaren kartela Iñaki Vazquez eta Oskar Markos antolatzaileek, eta haiekin batera izan da Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia. Aurten, izan ere, diru-laguntza kopuru zabalagoa jaso du musika elkarteak, nahiz eta egoerari erreparatuta jaialdia ez dela beste ekitaldietan bezain arrakastatsua izango jakitun diren. Areago, sektoreak bizi dituen zailtasunak medio, musikari zein teknikariekiko konpromisoa berretsi nahi izan du Fenomenak aurtengo jaialdiarekin.
Neurri bereziak
COVID-19 gaitzari aurre egiteko protokoloak betetzeko helburuarekin, jaialdi ezberdina izango da aurtengoa. Larunbata eta igandean zehar banatuko dira emanaldiak, eta kontzertutik kontzertura ordu eta erdiko tartea egongo da. Garbiketa eta desinfekzio lanak dira jaialdia era horretan antolatzeko arrazoia, Vazquezek eta Markosek azaldu dutenez.
Hori horrela, Left Hook talde bidasoarrak hasiko du jaialdia larunbatean, 17:00etan, eta haren ondotik, Maika Makovski musikari mallorkar ezagunaren txanda izango da (19:30). Igandean, bestalde, Cabezaguerokin solasaldi sonikoa antolatu dute Kultur Etxean, 12:00etan, eta arratsaldean, ordea, Elena Setien eta Joseba Irazoki bikotea (17:00), Cuello (19:30) eta Crudo Pimento (22:00) ariko dira oholtza gainean.
Emanaldiak debalde izango direla gogoratu dute, baina argi esan dute kortesiazko denbora igarota, gonbidapena duten lagunak ez baldin badira bertaratu, kanpoan zain dauden zaleei sartzeko baimenduko die antolakuntzak 300 lagunen edukiera muga bete arte. Era berean, gonbidapenak talde bakoitzeko eta ez jaialdi osorako hartu behar direla gogorarazi dute, Arma Plaza informazio gunean edota ondoko atari digitalean.
Eguraldiaren arabera, bestalde, Kasino Zaharreko lorategietatik Jostaldi pilotalekura lekualdatuko dute jaialdia. Aste honetan zehar baieztatuko dute behin betiko lokalizazioa.