«Ez gaitzatela engainatu, pentsio duinak beharrezkoak eta posibleak dira»
Kaleak berriro hartu zituztenetik bezalaxe, segurtasun distantziak mantendu dituzte Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideek, hainbat ilaratan banatu dira.
Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak Irungo San Juan plaza hartu du berriro gaur (hilak 5), enegarrenez pentsio publiko duinak exijitzeko. Kaleak berriro hartu zituztenetik bezalaxe, segurtasun distantziak mantendu dituzte, hainbat ilaratan banatu dira herritarrak. Dozenaka bildu dira gaur ere bai.
«Etengabe bonbardatzen gaituzte pentsioetarako dirudik ez dagoela esanez, baina denek dakigu gezurra dela. Aberastasuna justuago banatuz gero, inor atzean utziko ez duten politikak egin daitezke» esan dute gaurko mobilizazioan. Eta honako mezuarekin amaitu dute gaurkoa: «Ez gaitzatela engainatu, pentsio duinak beharrezkoak eta posibleak dira».
Datorren astelehenean (hilak 12) berriro elkartuko dira San Juan plazan, 12:00etan.