Finalerdietan ariko diren azken bikoteak erabakiko dituzte gaur Jostaldin
Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Mancisidor bikoteak batetik, eta Hormaetxea-Minvielle eta Olha-Del Rio bestetik hurrengo faserako txartela lortzeko indarrak neurtuko dituzte gaur Hondarribiko kantxan.
Hondarribia Grand Slam txapelketaren finalerdietan zein bikote lehiatuko den erabakiko dute gaur Jostaldi pilotalekuan, 20:00etan abiatuta. A multzoko Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Mancisidor lehiatuko dira batetik, eta B taldeko Hormaetxea-Minvielle eta Olha-Del Rio bikoteak bestetik. Finalerdietarako txartela lortzen saiatuko dira denak.
Iragan astean Goikoetxea-Irastorza eta Olharan-Etxeto bikoteak hurrengo faserako sailkatzea lortu zuten. Datorren ostiralean, hilaren 9an, izango dira finalerdiak eta hilaren 16an, finala. Jai Alai World Tour txapelketarako puntuagarria da Hondarribiko Grand Slam lehiaketa.