Bakartuta dauden herritarrentzako laguntza zerbitzua martxan dela gogoratu du udalak
Gizarte Zerbitzuen departamentua eta Gurutze Gorria elkarlanean ari direla konfinamendua egin behar duten hondarribiarrei laguntza emateko adierazi du Gotzone Larrarte zinegotziak.
Gizarte Zerbitzuen departamentuak eta Gurutze Gorriak bakartatuta dauden herritarrei edota familiei laguntza emateko zerbitzua abian dutela oroitarazi du gaur Hondarribiko Udalak prentsa ohar baten bidez. Gurutze Gorria laguntzeko prest agertu dela berriz ere nabarmendu nahi izan du Gotzone Larrarte Gizrte Zerbitzuetako zinegotziak.
“COVID-19aren ondorioz, egoera ez egokian dauden familiak laguntzeko ari gara lanean. Adibidez, denbora batez bakartuta egon behar diren familiak ez dira gutxi Hondarribian, eta denek ez dute aukerarik haien senitarteko edota hurbilekoek janaria eraman diezaieten. Eta zeresanik ez zailtasunak bizi dituzten herritarren kasuan ere”, adierazi du arduradunak.
Erosketak egiten, botikak erosten edota zaborra ateratzen laguntza ematen dute, besteak beste, Gurutze Gorriak eta Gizarte Zerbitzuek. Hortaz, beharra duten herritarrak 943 11 12 91 telefono zenbakira deitzera eta zerbitzua eskatzera animatu ditu Larrartek. “Gurutze Gorriari esker egoera berezi honetan laguntza behar dezaketen guztiengana heltzeko beste aukera bat” dela nabarmendu du hautetsiak.