Bioterra azokak 85 erakusketari jasoko ditu hilaren 9tik 12ra arte
Sektore ekologikoa, bioeraikuntza eta energia berriztagarriak lehen lerroan jarriko ditu berriro Ficobak, Bioterra azokaren bidez. Lau egunez zer erosi eta zer ikasi izango da.
Sektore ekologikoa, bioeraikuntza eta energia berriztagarriak lehen lerroan jarriko ditu berriro Ficobak, Bioterra azokaren bidez. Datak aldatuta dator azoka, COVID-19aren eraginez, baina hutsik egin gabe, lau egunez, zer ikusi eta batez ere zer ikasi izango da bertan ekosistemen egonkortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko, eta klima aldaketaren mehatxu larriari aurre egiteko. 17 urte klima aldaketaren aurkako borrokan arreta jartzen lelopean helduko da. 85 erakusketarik hartuko dute parte azokan eta ziurtagiri ekologikoa duten produktuak eskainiko dituzte Ficoban. Elikadura, ehungintza, kosmetika, higiene naturala, ehunak, osagarri naturalak, habitat osasungarria, terapia naturaletarako osagarriak (sendabelarrak, elixirrak, estraktuak eta esentziak) , prentsa espezializatua, bioeraikuntza, autokontsumoa eta mugikortasun berria izango dute tarte Bioterra azokan hilaren 9tik 12ra arte.
Askotariko produktuak, eta horiekin batera proposamenez betetako hitzaldi programa. Produktu eta zerbitzu arduratsuen balioaz, etxeko erosotasunaz eta ongizateaz gozatzeko gakoez, plastikorik gabeko bizitzaz, etxeko toxikoen garbiketaz, agroekologiaz, disruptore endokrionekiko esposizioa saihesteko gakoez, komunitate energetikoez edo osasunaren alde egin eta gaixotasunari aurre egitearen arteko dikotomiaz mintzatuko dira lau egunetan adituak.
Kosmetika ekologikoak, gainera bere txokoa izango du azokan Biobeauty gunearekin. Natura eta ingurunea errespetuz tratatu nahi dute, baita beren burua zaindu ere. Gune hori bisitatzen duten pertsonek —15 lagunera murriztu dute— hitzaldi eta tailerretan parte hartu ahal izango dute, eta besteak beste, aromaterapia eta lurringintzari buruz, aurpegiaren oinarrizko zaintzari buruz, maskara propioak sortzeko teknikak, edota ilerako kosmetika botanikoari buruz informazioa jasoko dute lehen eskutik.
Urtero izaten den eskaintza gastronomikoa ez da izango gomendatutako higiene eta urruntze neurriak bermatzeko Bioterran, baina Sukaldean gunean sukaldaritzaz eta gastronomiaz ikasteko aukera eskainiko dute: sukaldaritza gordin beganoa, hanburgesa begetal on bat nola egin, edo elikaduraren bidez seme-alaben osasuna nola zaindu azalduko dute.
Eraikiz gunea
Azokaren barruan beste gune bat ere izango da, Eraikiz, eraikinen eta hirien kalitatea hobetzeari begirakoa. Gipuzkoako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Iraunkortasun Batzordeak ko0rdinatuta, energia berriztagarrien, bioeraikuntzaren eta ekonomia berdearen inguruan interesatuta dauden pertsonak biltzen dira.
Lasaitasuna nahi dutenentzat, Yoda Day iniziatiba izango dute eskura. Laugarren edizioa izango du aurtengoa, masterclass bat da eta nerabe eta helduei begira antolatuko dute hilaren 12an, 10:30ean. Doakoa da, baina izena eman behar da Bioterraren webgunean.
Gutxi balitz Escape Boxa ere antolatu dute, kasu honetan Txingudiko Zerbitzuek egingo dute eskaintza. Zozketak, bi eguneko, egingo dituzte, gainera, eta Ekolourra Euskadiko Nekazaritza eta Elikagai Ekologikoen Kontseiluko produktu ekologikoen sorta bat, eta 100 euroko txartelak azokan bertan gastatzeko zozkatuko dituzte.
Azokak ordutegi jarrai izango du: 10:00-120:00etara izango da zabalik ostiraletik igandera. Astelehenean, azken egunean, 17:00etan itxiko dute. Sarrera doakoa da, baita aparkalekua ere Ficoban bertan, eta Euskotrenen geltokia 50 metrora dago.