Euskal presoen aldeko tontor igoera bertan behera utzi du Sare Herritarrak
Eguraldi iragarpenagatik hartu dute erabakia. Irteeraren ordez, argazki jendetsua egitera deitu dituzte herritarrak, herriko plazetan.
Euskal presoen etxeratzea eskatzeko larunbaterako (hilak 3) deitutako dinamika bertan behera uztea erabaki berri du Sare Herritarrak, eguraldi txarra iragarri baitute. Beraz, 2021 maiatzaren 8an elkartuko dira irundarrak Aiako Harriko tontorrean, eta hondarribiarrak Jaizkibelen. «Tamalez, larunbat honetako #650Tontor ekimena atzeratzearen erabakia hartu behar izan dugu eguraldia dela eta. Sortutako ilusioa, egindako lan izugarria eta animatu den herritar kopurua aintzat hartuta, atzeratzea erabaki dugu», esan dute sare sozialetan.
Irteeraren ordez, argazki jendetsua egiteko deia egin dute, herriko plazetan. Irungoa 12:00etan izango da, San Juan plazan. Hondarribikoa aldiz hermandadean izango da, 12:00etan ere bai.