Casa Manolo jatetxearekin lotutako bost positibo atzeman dituzte
Hondarribian "ez dela agerraldirik egon" ondorioztatu du Txomin Sagarzazu alkateak. Hemeretzi izan dira Osasun Sailak azken 24 orduetan Bidasoan identifikatutako kutsatuak.
Gaur ezagutarazi ditu Osasun Sailak Amute auzoko Casa Manolo jatetxearekin lotutako PCR test azkarren emaitzak, eta horiei erreparatuta, Hondarribian “ez dela agerraldirik egon” ondorioztatu du Txomin Sagarzazu alkateak. Izan ere, 417 lagin bildu dituzte osasun zerbitzuek astearte arratsalde eta asteazken goiz artean, eta horien artean soilik bost izan direla positiboak jakinarazi dute; %1,19 zehazki.
Balorazio “positiboa” egin du alkateak datuak ezagutu ondoren, eta “arduraz jokatzen jarraitzera” deitu ditu hondarribiarrak, izurriaren hedapena eteteko neurri guztiak betetzea “ezinbestekoa” baita harentzat. Bidasoko ESIk, Osakidetzak eta udal langileek egindako lana eskertu nahi izan du halaber agintariak.
Casa Manolo jatetxeko arduradunei, bestalde, “elkartasuna” adierazi nahi izan die Sagarzazuk, are gehiago aurrerantzean egoera honek sor ditzakeen ondorioen gaineko kezka ezagutu ondotik. Era berean, antzeko egoerak bizi izan dituzten establezimenduetako arduradunei “sostengua” helarazi die jeltzaleak.
Azken datu ofizialak Bidasoan
Osasun Sailak koronabirusaren bilakaerari buruz egunero plazaratutako txostenak jasotzen duenez, hemeretzi kutsatu izan dira azken 24 orduetan Bidasoan. Zehazki, hamabi izan da positibo kopurua Irunen, eta zazpi, Hondarribian. Azken honetan hamar kutsatu izan dira azken bi egunetan, horietatik bost, erdiak, Casa Manoloko ustezko agerraldiarekin zerikusia dute.