«Adinekoen duintasuna bermatuko duten politikak» eskatu ditu EH Bilduk
«Premiazkotzat» jo dute adinekoen zerbitzuetara baliabide guztiak bideratzea, «erabiltzaileen bizikidetza eta duintasuna erdigunean jarrita».
Gaurko (hilak 1) Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira Irungo EH Bilduk kolektibo honen aldeko politikak abian jartzeko premia nabarmendu nahi izan du, hedabideei bidalitako ohar batean azaldu duten bezala. «Kolektibo hori gure gizartean ahaztuenetako bat da, eta gainera, pandemiak gogor jo du», esan dute koalizio subiranistako kideek.
Adinekoen egoitzetan bizitutako egoerarekin kezkati agertu da EH Bildu, baita ere bakardadean bizi diren pertsonen egoerarekin. Egoera horien aurrean «premiazkotzat» jo dute adinekoen zerbitzura baliabide guztiak jartzea, «adineko pertsona bat gehiago ere ez dadin bakarrik hil». Zentzu horretan, aldundiari egoitza eredua egokitzeko eskatu diote, «erabiltzaileen bizikidetza eta duintasuna erdigunean jarrita».
Kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustu garbia egin dute. «Gizarte justu bat sortzeko guztion bizitzak duindu behar ditugu, baina bereziki, kolektibo ahulenenak». Amaitzeko, jaurlaritzari «babes eta laguntza sistema berrikusteko» eskatu diote, beti ere adinekoak babesteko helburuarekin.