Reggae saioa antolatu du larunbaterako Lakaxitak, bazkari eta guzti
Talde ugarik alaituko dute arratsaldea. Saioa Lakaxitako zelaian egingo dute, neurri guztiak kontuan hartuta. Sarrerak 5 euroan eskura daitezke jada.
Lakaxita gaztetxea bueltan da. Osasun egoerak hilabete luzez kultur agenda etetera behartu arren, indartsu itzuli dira. Lehen hitzordua larunbatean (hilak 3) jarri dute, gaztetxeko zelaian. Bertan, reggae saio luzea egingo dute, Nice Up Dance izenekoa, bazkari eta guzti.
Musukoa jantzita eramatea derrigorrezkoa izango dela azaldu dute Lakaxitako kideek, eta sartu aurretik gelarekin garbitu beharko dira eskuak. Zelaian mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte (segurtasun distantziekin), eta bertaratutakoei protokoloaren berri emango diete hasi aurretik. Saioa 14:00etan hasiko da, eta ordutik, zerbitzariei eskatu beharko zaizkie edariak. Bazkaltzeko, entsaladilla eta parrillada ederra prestatuko dute.
Sarrerak 5 euroan (bazkari gabe 3 euro) eskura daitezke jada, Hazia elkartean. Antolatzaileek iragarri dutenez, eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia bertan behar geratuko da.
Honakoak dira larunbateko saioa alaitzen ariko diren taldeak: Bassque Reggae Kultur elkarteko kideak, Frontline Steppas, Natty Road Sound, Nani & Peach eta Reparation Posse.