Casa Manolon izandakoei PCR probak egiteko eskatu die Osasun Sailak
Itsas Etxea auditoriumean egingo dituzte test azkarrak gaurko 15:00etatik aurrera. Hilaren 19tik 26ra bitartean bertan egondakoei luzatu die deia Osakidetzak.
Hilaren 19tik 26ra bitartean Amute auzoko Casa Manolo jatetxean egondakoei PCR proba egiteko eskatu die gaur goizean Osasun Sailak. Inguruan atzemandako hainbat COVID-19 positiboren arteko ezaugarri komuna jatetxean egon izana dela argudiatu du Txomin Sagarzazu alkateak, eta egoera azterturik kutsatze komunitarioa egon daitekeela ohartarazi duela Osasun Sailak erantsi du. Agintariak ez du zehaztapen gehiagorik eman gaur goizean deitutako presazko prentsaurrekoan.
Hori horrela, bertan izandako hondarribiarrek 943 00 76 40 telefono zenbakira deitu beharko dute anbulatorioarekin harremanetan jar daitezen. Areago, irundarrei ere luzatu die test azkarrerako deia Osakidetzak. Hortaz, erdialdeko anbulatoriora (943 00 67 00) edo Dunboakora (943 00 67 89) dei dezaten galdegin die Osasun Sailak. Jatetxean izandako inguruko eskualde, lurralde eta herrialdetako biztanleei dagokien osasun eremuarekin harremanetan jartzeko ere eskatu dute.
Sagarzazuk aurreratu duenez, 600 bat PCR egitea aurreikusi du hasiera batean Osasun Sailak, gaur arratsaldean eta bihar goizean zehar. Bentako aparkalekuan lekua gordeko zaie testa egitera gerturatzen direnei eta distantziak bermatzeko zirkuitua ere prestatu dute. Sarrera zein irteera eraikinaren albo batean egongo dira, parrokiaren aldean zehazki, eta ez Matxin Arzu kaleko sarrera nagusian.