Adinekoen Nazioarteko Egunerako zenbait jarduera antolatu dituzte
Cristina Laborda ordezkariak Behobiako adinekoen zentroan egindako bisita probestu dute datozen egunotako agenda aurkezteko. Txangoak eta ikus-entzunezko proiekzio bat eskainiko diete.
Irungo Udala osteguneko (urriak 1) Adinekoen Nazioarteko Egunari begira jarri da. Gaur bertan Cristina Laborda ordezkariak Behobiako adinekoen zentroa bisitatu du, bertako dinamizatzaile Raquel Calvo eta Maribel Puente erabiltzailearekin batera. Bisita probestu dute datozen egunetarako antolatu duten agenda aurkezteko.
Aurtengo Adinekoen Nazioarteko Eguna berezia izango dela iragarri dute, COVID-19ak eragindako egoeragatik. Beraz, Irugurutzetako meategiak eta Santa Elenako ermita bisitatzeko antolatutako bi txangoak data ezberdinetan egingo dituztela iragarri dute. Beraz, adinekoen zentro bakoitzak ordutegi bat izango du: gaur (hilak 29) Belaskoeneakoak joango dira; bihar (hilak 30) Palmera Monterokoak; urriaren 1ean (osteguna da) Anakakoak; urriaren 2an (ostirala) Behobiakoak eta urriaren 9an (ostirala da) San Miguelekoak. Irteera guztiak doakoak izango dira, eta osasun neurri zorrotzak hartuko dituztela zehaztu dute antolatzaileek.
Arratsalde entretenigarri bat
Bi irteerekin batera, ikus-entzunezko emanaldi bat ere eskaini nahi izan diete aurten. Golpe de estilo filma proiektatuko dute Amaia KZn ostiralean (urriak 2), 19:00etan. Gehienez 40 lagun bertaratu ahal izango dira, musukoarekin noski. Ateak 18:45an zabalduko dituzte.