Euskal presoen alde tontorretara igotzera deitu du Ibiltarien Sareak
Izan Bidea dinamikaren baitan, irundarrak Aiako Harrira eta hondarribiarrak Jaizkibelera joatera deitu ditu Bidasoko Sare Herritarrak.
Euskal presoen etxeratzea eskatzeko helburuarekin, Euskal Herriko mendietako gailurretara igotzeko deialdia helarazi du Sare Herritarrak urriaren 3rako larunbatarekin. Izan Bidea dinamikaren baitan, Aiako Harriko hiru tontorrak egiteko erronka luzatu die mugimenduak irundarrei, eta Jaizkibelera igotzekoa bestalde, hondarribiarrei.
Hori horrela, Muganix, Txurrumurru eta Irumugarrieta tontorrak egingo dituzte Irungo Sareko lagunek larunbatean, eta bi aukera eman dizkiete horretan parte hartu nahi duten lagunei: 08:30ean San Juan plazatik abiatzea edo 10:00etan Elurretxeko aparkalekuan batzea. Hondarribian, halaber, 08:30ean finkatu dute hitzordua Eroskiko aparkalekuan, eta aurrerago elkartu nahi dutenentzat paradore zaharrean egin ahalko dutela 10:45ean jakinarazi dute.
Kamiseta urdina janztera animatu dituzte, era berean, parte hartzaileak. Ondoko helbide elektronikoan izena eman dezakete interesdunek, baita kamisetak bertan eskuratu ere.
Izan Bidea dinamika abiatu zenetik presoak etxeratzeko 230.000 kilometro egin dituzte dagoeneko izena eman duten 3.000 parte hartzaileek. Larunbatekoa erronkarik “handiena” izango dela onartu dute bultzatzaileek, “presoen aldeko aldarria Euskal Herriko 650 mendietako tontorretara” eramango baitute.