Finalerdietarako txartela lortu dute Goikoetxea-Irastorza eta Olharan-Etxeto bikoteek
Hondarribia Grand Slam txapelketak finalerdietarako lehen sailkatuak ezagutarazi ditu asteburuan. Jai Alai World Tourrerako puntuagarria da Jostaldiko norgehiagoka.
Hondarribia Grand Slam txapelketako finalerdietarako sailkatu dira dagoeneko Goikoetxea-Irastorza eta Olharan-Etxeto bikoteak. Jostaldi pilotalekuak hartu zuen lehiaketaren bigarren jardunaldia ostiralean iluntzean, berrehun ikusleren aurrean. Bi jardunaldietan garaipena eskuratzeagatik eskuratu dute hurrengo faserako txartela aipatutako bi bikoteek. Jai Alai World Tourrerako puntuagarria da Hondarribiko lehiaketa.
Goikoetxea-Irastorza eta Beaskoetxea-Lopez lehiatu ziren lehenik, eta hasieran partida berdinduta egon zen arren (15-14), euren nagusitasuna agerian utzi zuten lehenek amaieran (15-4).
Bigarren partidan aritu ziren Olharan-Etxeto eta Hormaetxea-Minvielle bikoteak. Aurreneko partidan gertatu bezala, lehen zatian norgehiagoka zeinek irabaz zezakeen argi egon ez arren (15-14), bigarrenean ez zuten zalantzarako lekurik utzi eta aise gailendu ziren Olharan eta Etxeto (15-3).
Urriaren 2an ostiralarekin finalerdietan ariko diren beste bi bikoteak ezagutzeko aukera izango da. Finalerdiak urriaren 9an jokatuko dira eta finala, 16an.