Hiriko emakumeekin batera diseinatuko dute etorkizuneko Emakumeen Etxea
Prozesu partehartzaile bat irekiko dute Emakumeen Etxearen itxura eta izaera definitzen hasteko. Urriaren 9an, 23an eta azaroaren 6an bilduko dira.
Etorkizuneko Irungo Emakumeen Etxeak izango duen itxura eta izaera definitzen hasiko direla iragarri berri du udalak.Prozesu partehartzaile bat egingo dute urriaren 9an, 23an eta azaroaren 6an. Hiriko elkarte feminista eta emakume norbanakoei luzatu diete parte hartzeko gonbita.
Prozesuan parte hartzeko, urriaren 8ra bitarte izena eman beharko da, esteka honetan. Saioak Palmera Montero Gunean izango dira, osasun neurri guztiak kontuan hartuta noski, 17:30etik 20:00etara. Bertaratzeko aukerarik ez dutenek aldiz, modu telematikoan jarraitzeko aukera izango dute, Zoom aplikazioa baliatuta.
Emakumeen Etxea proiektua Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak 2019ko kredituetan aurkeztutako emendakinetik dator. Taldeko Miren Etxebestek emakume guztiak animatu ditu prozesuan parte hartzera: «Nahi duten emakume guztiek haientzako izango den espazio bat diseinatuko dute. Hau da emendakinarekin helarazi nahi izan dugun izpiritua».
Bestalde, Berdintasun saileko Rebeca Gonzalezek «Irungo emakume elkarteek izango duten paper protagonista» nabarmendu nahi izan du prozesu honetan.«Berdintasunezko gizarte baten bide horretan lehentasunezko proiektua da hau», esan du ordezkariak.