David RL-ren zinema tailerrak bigarren edizio bat izango du
Gidoiak, argazkilaritza, zuzendaritza artistikoa, kamera mugimenduak, story-board-ak, grabaketa... Denetarik irakatsiko die zinema zuzendariak 14-18 urte bitarteko gazte irundarrei.
Lehenengo edizioak izandako arrakastak animatuta, Irungo Udalak aurten ere David Rodriguez Losada (David RL gisa ezaguna) zinema zuzendariak gidatutako tailerra errepikatzea erabaki du. Gazteei begirako ikastaroa izango da, zinemaren munduan lehen pausoak emateko, trebatzen hasteko. Gaur bertan aurkeztu dute tailerra, zinema zuzendariak, Juncal Eizagirre ordezkariak eta iazko edizioan ikasle gisa aritutako Lucas Milla gazteak.
Gidoiak, argazkilaritza, zuzendaritza artistikoa, kamera mugimenduak, story-board-ak, grabaketa… Zinemaren munduko ia alor guztiak ukituko dituzte. Ikastaroan, zuzendariaz gain, Miriam Cabeza aktorea ere izango dela iragarri dute antolatzaileek. Iazkoa bezalaxe, aurtengoa ere doakoa izango da.
Egungo osasun egoera dela eta, gehienez hamabi laguneko taldetan banatuko dituzte partaideak. CBAk jasoko ditu saio guztiak. Orotara, ordu bateko 17 saio eskainiko dituzte.
Izena emateko, helbide honetara idatzi edo 943 545 407 telefono zenbakira deitu beharko da, urriaren 8ra bitarte. 14-18 urte bitarteko gazteak onartuko dituzte ikastaroan.