Pandemiaren ondorioei aurre egiteko «udalak gehiago egin behar duela» uste du EAJk
Orain arte hartutako neurri eta erabakiak nahikoak izan ez direla diote jeltzaleek. Halere, udal gobernua laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Irungo EAJ taldeko Xabier Iridoy bozeramaileak agerraldia eskaini du gaur. Bertan, pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko udal gobernuari laguntzeko borondatea adierazi du, «ez bakarrik hitzen bidez». Horren adibide izan da, jeltzaleen ahotan, pandemiari aurre egiteko EAJ taldeak babestutako talka plana.
Talka plana babestu arren, egun nahikoa ez dela nabarmendu nahi izan dute. «Ez du espero genuen bezala funtzionatu, eta horregatik neurri berriak hartzen jarraitu behar dugu. Udalak gehiago egin dezake, eta gehiago egin behar du», esan du Iridoyk. Horretarako, akordio zabalen garrantzia nabarmendu nahi izan du bozeramaileak.
2020ko aurrekontuan «oso bestelako egoera batean» onartu zirela gogoratu dute, eta ez datozela bat gaur egungo beharrekin. Hori dela eta, horiek berrikusi egin behar direla uste dute jeltzaleek. «Hilabeteak dira udalak bere lehentasunak errealitate berri honetara egokitu behar zituela. Are gehiago. Ia urte erdi daramagu udal gobernuari alkateak martxoan deitutako aurrekontuaren birformulazioa martxan jar dezala eskatzen. Herritar guztien mesederako izango den ekimena, gaur egun erantzunik ez duten beharrak konpontzen eta herritarren ongizatea hobetzen lagunduko duena. Horregatik eta asko gehiagorengatik, hain baliotsua den puntu honetan, udal gobernuari gure babesa bermatu nahi diogu», erantsi du Iridoyk.
Pandemiatik harago, mugikortasun iraunkorrean, merkataritzaren, ostalaritzaren, kulturaren eta kolektibo zaurgarrienei laguntzeko gizarte politiken aldeko apustua egin dute beste behin, beti ere Via Irun, 2021-2025 PMUS edo Bidasoko bidegorriaren proiektuak baztertu gabe.