Pobreziari aurre egiteko politikek «urgentziazko norabide aldaketa» behar dutela uste du EH Bilduk
Datorren urriaren 17ko Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, mozio bat erregistratu berri dute. Biharko (hilak 25) Udalbatzan eztabaidatuko dute.
Irungo EH Bilduk beste mozio bat aurkeztu berri du. Urriaren 17ko pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunaren harira erregistratu dutela azaldu dute, «arazo politiko horri» irtenbide ematen saiatzeko. Biharko Udalbatzan eztabaidatuko dute.
Lehenik, COVID-19a dela eta, herritarren bizi baldintzek okerrera egin dutela nabarmendu nahi izan dute. 2018ko datuak gogoratu ditu koalizio subiranistak: Euskal Autonomi Erkidegoan 270.292 pertsona ongizate gabezi egoeran zeuden, 2016an baino 40.000 gehiago. Eta datu horiek Irunera ekarrita, Pio XII auzoko datuak gogoratu dituzte taldeko kideek: «Espainiako Estatistika Institutuak 2019ko irailean adierazten zuen Pio XII auzoak bataz besteko familia errenta txikiena zuela, 22.270 euro familiako».
Datuekin jarraituta, genero, adin eta jatorri faktoreek ere pobrezian eragin zuzena dutela diote. 2008ko datuen arabera, benetako pobrezia kasu guztien %33,9a emakumeak buru ziren familietan kontzentratzen ziren, eta 2018a begiratu ezkero, %50,6koa dela esan dute amorruz. Era berean, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen egoera azken urteetan gehien okertu dena izan dela salatu dute. «Posizio sozial desberdinen arteko igogailuek funtzionatzeari utzi diotenez, pobrezia gurasoengandik seme-alabengana heredatzen da».
Pobrezia gizarte osoari eragiten dion arazoa dela diote, «arazo publikoa», eta beraz, «arazo politikoa» dela. Zentzu horretan, azken urteotan pobreziari aurre egiteko eman diren politika publikoek «trantsizio baten beharrean» daudela diote, «urgentziazko norabide aldaketa» behar duela.
Urriak 17, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna da eta horren harira Irungo EH Bilduk atxikita bidaltzen dizuedan mozioa aurkeztu du biharko (irailak 25)udalbatzan eztabaidatzeko.
Horregatik guztiagatik, erregistratu berri duten mozioarekin udalak honakoa adostea bilatu nahi dute:
- Irungo Udalak pobreziaren murriztearekin konpromiso irmoa adierazten du. Horregatik, honi aurre egiteko beharrezkoak diren neurri ekonomiko, sozial eta fiskalak hartzeko prestutasuna agertzen du.
- Irungo Udalak jaurlaritzari eskatzen dio premiazko neurriak hartu ditzan gure babes-sistema (DSBE/EPO/GLL) COVID-19aren krisiaren ondoriozko beharretara egokitzeko. Eta epe labur eta ertainera, banakotasunaren eta unibertsaltasunaren printzipioetan oinarritutako babes-sistema baten aldeko pausuak eman ditzan.
- Irungo Udalak gizartean pertsonen erabateko integrazioa lortzeko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zentraltasuna aldarrikatzen du. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta konpromiso honi atxikitzeko eskatzen diegu Gizarte Zerbitzuetan eskumena duten gainerako euskal erakundeei.