Aurreko ikasturtean euskara ikasi zutenek diru laguntza eska dezakete
Ia 80.000 euroko beka batekin lagunduko ditu euskara ikasi edo hobetzen aritu diren 16 urtetik gorako herritarrak. Gaur bertan onartu dute deialdia.
Irungo Udaleko Euskara sailak jakinarazi berri duenez, 2019-2020 ikasturtean euskara ikasten edo hobetzen aritu zirenentzako beken deialdi bat onartu eta abian jarri berri dute. Deialdi hori 79.140 eurokoa dela zehaztu du Monica Martinez ordezkariak.
Beraz, adi egon daitezela herritarrak, izan ere, zentroek emandako euskalduntzeko ikastaroak lagundu ahal izango dituzte diru horrekin. Halere, zenbait baldintza jarri ditu udalak, honakoak dira: 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30ra bitartean antolatutako ikastaroak lagunduko dituzte, baldin eta ikastaroak hautakoren batean egin badira: Irungo euskaltegiren batean edo HABEk homologatutako beste edozein ikastegietan, beti ere ikastaro hori Irungo euskaltegiek eskaintzen ez badute, ikaslea onartu ez badute edo ikasleak ziurtatzen badu ikasketak edo lana direla medio, ezin duela Irungo euskaltegietako eskaintza hori baliatu izan.
HABEk homologatutako barnetegiei dagokionez, Euskara sailetik azaldu dute matrikula gastuak baino ez direla diruz lagunduko. Beraz, bidaia, ostatua eta mantenu gastuak ez dira sartuko. Bestalde, euskaltegietako talde bereziak, unibertsitateek udan euskaraz antolatutako ikastaroak eta euskarazko aisi edo kirol ikastaroak ere diruz lagunduko dira.
Diru laguntzaren eskatzaileek 16 urtetik gorakoak behar dute izan diru laguntza eskatzen den urtean eta Irunen erroldatuta egon behar dute, 2019ko irailaren 1a baino lehen.
Beka eskatzeko, Irun Txartela baliatuko beharko da, esteka honetako Euskara ikasteko edo hobetzeko bekak izeneko atalean. Bertan, zein euskaltegian aritu den zehaztu beharko da, baina ere bekaren zenbatekoa zein kontu korrontetan sartzea nahi duen. Gainerako egiaztapen guztiak ofizioz egingo ditu udalak.