Urtea amaitu bitarte «kultur eskaintza segurua» eskainiko du udalak
Kontzertuak, erakusketak, ikuskizunak... Agenda zabala antolatu dute abendu amaiera bitarte, egungo egoerari egokituta.
Irungo Udaleko Kultura saileko ordezkari Junkal Eizagirrek urte amaiera bitarte antolatutako kultur ekitaldien berri eman du gaur. Egungo egoera kontuan hartuta, «agenda segurua» antolatzeko pausua eman dutela zehaztu du gaur ordezkariak. «Kultura segurua izan daiteke, eta adibide garbiena udako programazioa izan da. Pandemiak gogor astindu dituen hiriko kultur agenteak babesteko agenda berezia prestatu dugu datozen hilabeteotarako», esan du Eizagirrek.
Ekitaldi gehienak Amaia Kultur Zentroak jasoko ditu, baina beste asko kalean egiteko asmoa du udalak. Guztietan, neurri zorrotzak hartuko dituztela iragarri dute: musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta distantziak mantentzeko neurriak hartuko dituzte. Era berean, ez da kafetegi zerbitzurik egongo.
Honakoa da datozen hilabeteotarako antolatutako kultur eskaintza:
- Hilak 25 (ostirala): Dantz point: Ostiral honetan (hilak 25), 19:30ean, berritu berri duten Etorbidearen zubian izango da Jon Telleriak sortutako emanaldia. Musika elektronikoa eta garaikidea uztartuko dituzte ikuskizunean. DJ Piek gidatuko du saioa, eta eserita jarraitu beharko da.
- Hilak 27 (igandea): Musika Bandak ohiko kontzertua eskainiko du Amaian, 12:30ean. Bandarekin batera, Txistulari Banda ere izango da.
- Urriak 4: Girabira: Urteko azken saioa egingo dute urriaren 4an, hiriko parkeetan. Hemen ere eserita jarraitu beharko da saioa.
- Urriak 4: Azkue Memoriala, kontzertu sorta, 19:00etan. Thomas Ospital organista eta Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio bertsolariak ere ariko dira.
- Urriak 4: Xoel Lopez musikariaren kontzertua, 19:00etan, Amaian.
- Urriaren 11era bitarte: Adour-Bidasoa lehiekataren obrekin osatutako erakusketa, Amaia KZn.
- Urriak 25: Jabier Muguruzak Geltokiak Izarretara diskoa aurkeztuko du, 19:00etan, Amaian.
- Urriaren 17tik abenduaren 26ra bitarte: Bizinema Bang Bang zikloa. Hitzorduen berri aurrerago emango du udalak.
- Azaroaren 2ra bitarte: Maria Paz Jimenezen Diamante Inquieto erakusketa, Amaia KZn.
- Azaroak 13, urriak 17 eta abenduak 11: Museo Oiasso izeneko kontzertu sorta. Azaroan Pez Mago taldea ariko da; urrian, Ainara LeGardon eta Xabier Erkizia; azaroan aldiz, Gorria, con la Pulga eta Miren Amuriza igoko dira oholtzara.
Emanaldi zein saio guztien sarrerak, esteka honetan eskuratu beharko dira.