Udal Marrazketa eta Pintura Akademian matrikulatzeko epea, zabalik
Ohiko bi ikastaroak eskainiko dituzte aurten ere. Halere, COVID-19agatik neurriak hartuko dituztela iragarri dute.
Margolaritzaren munduan trebatzeko interesa dutenek aukera paregabea izango dute aurten ere, Irungo Udal Marrazketa eta Pintura Akademiari esker. Dena prest dute ikasturte berrirako, eta dagoeneko zenbait ikastarotan izena emateko aukera dago.
Akademiatik gogoratu dutenez, ez da beharrezkoa maila jakin bat izatea, bakoitzaren gaitasunen arabera izango baitira ikastaroak.
Aurtengoa, gainera, berezia izango da. COVID-19ak neurriak hartzera behartu ditu, eta hala, musukoa erabili beharko da ikastaro guztietan. Ikasleen arteko distantzia mantentzeko ere neurriak hartuko dituzte.
Bi ikastarotan izena emateko aukera dago jada. Lehenengoa astean bi orduko ikastaroa da (288,45 euro helduak eta 249,70 euro adin txikikoak); bigarrena aldiz, astean lau ordukoa (553,30 euro helduak eta 425,80 euro haurrak). Bietako batean izena emateko, helbide honetara idatzi edo 695 752 994 edo 606 220 417 telefono zenbakietara hots egin beharko da.