Hamazazpigarren Bioterra azoka ekologikoak Ficoba hartuko du, ezohiko eran
COVID-19ak eragindako egoera dela eta, neurri bereziak diseinatu eta hedatu dituzte, «ekitaldietan parte hartuko duten pertsona guztiei ahalik eta prebentzio eta segurtasun handienak eskaintzeko».
Aurten ere Ficobak Bioterra azoka ekologikoa jasoko du, datorren urriaren 9tik 12ra zehazki. Hamazazpigarren edizioa berezia izango dela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, COVID-19ak eragindako egoera dela eta, neurri bereziak diseinatu eta hedatu dituzte, «ekitaldietan parte hartuko duten pertsona guztiei ahalik eta prebentzio eta segurtasun handienak eskaintzeko».
Azokan pertsonen arteko distantzia mantentzea beharrezkoa izango da, baita ere musukoa erabiltzea. Hori bermatzeko, Ficobak erakustazoka gunea egokitu du; besteak beste, korridore zabalagoak prestatu dituzte, 8 metrora artekoak. Eta segurtasun neurriak indartzeko asmoz, aurten ez da gastronomia eskaintzarik egongo.
Ziurtapen ekologikoa, elikadura, ehungintza eta kosmetika, kosmetika eta higiene naturala, ehunak eta osagarri naturalak, terapia naturalak, erremedio naturalak…. Produktu eskaintza zabala izango dela iragarri dute antolatzaileek.
Azoka, honako ordutegian bisitatu ahal izango da: ostiral, larunbat eta igandean 10:00etatik 20:00etra. eta astelehenean aldiz, 17:00etan itxiko dute. Sarrera doakoa izango da, baita ere Ficobako aparkalekua.
Ekolurra
Era berean, aurtengo azokan Euskadiko Elikadura eta Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluak (Ekolurra) parte hartze aktiboa izango du. Hala, urteko balantzearen berri emango dute.