'Gurasoekin eta gazteekin' programa, martxan
Haur zein gurasoei zerbitzu psikologikoa eskainiko die beste urte batez udalak, eguneroko arazo eta kezkei irtenbide ematen laguntzeko. Urriaren 15era bitarte eman daiteke izena.
Ikasturte berriaren hasieraren harira, Irungo Udalak guraso zein seme-alabei eguneroko arazoei irtenbide ematen laguntzeko Gurasoekin eta Gazteekin programa abiatu du beste urte batez. Gaur bertan eman du programaren berri Gizarte Ongizate saileko ordezkari Cristina Labordak, Irune Hernandez teknikari eta Gemma Campo terapeutarekin batera.
«Eguneroko arazoei aurre egiteko laguntza ematea beharrezkoa bada familia askorentzat, pandemiak eta krisiak duda eta zalantza berriak sortu ditu. Udaletik arazoei aurreratu eta behar gehien duten familiei lagundu nahi diegu», esan du Labordak.
Azken urteetan bezalaxe, Gurasoekin izeneko atalean taldetan banatuko dituzte gurasoak, baina egungo egoera dela eta, oraingoan gehienez bederatzi laguneko taldeak onartuko dituzte. Gurasoekin batera, psikologiaren munduko profesionalak izango dira (Ana Elosegi, Gema Campo, Ion Arruabarrena, Andrea Aranguren eta Begoña Arruabarrena hain zuzen ere), kezka eta zalantzak argitzeko. Astean behin edo bitan bilduko dira. Taldeak, seme-alaben adinaren arabera sailkatuko dituztela zehaztu dute udaleko ordezkariak.
Gazteekin atalean aldiz, zuzenean haur eta gazteekin bilduko dira. 12-17 urte bitarteko irundarrak Bizitzarako gaitasunak izeneko entrenamendua jasoko dute. Lau taldetan banatuko dituzte partaideak (adinaren arabera), eta astero bilduko dira. Gidari lanetan Ion Arruabarrena, Gema Campo eta Andrea Aranguren izango dira.
Programa doakoa dela gogoratu dute udaletik, eta dagoeneko apuntatzeko aukera dagoela. Esteka honetan edota 943 505 152 telefono zenbakira deituta egin beharko dira izen emateak, urriaren 15era bitarte.