[Elkarrizketa] «Udalak Osasun Sailaren aginduak jarraitu ditu orain arte»
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak establezimenduetan izandako koronabirus kasuak publiko egin ez izanaren nondik norakoak azaldu ditu, eta interes ekonomikoak herritarrek ezinbestekoa duten lasaitasun deiaren gainetik jarri izana ukatu du.
Establezimenduetan izandako koronabirus kasuen berri ez emateko erabakia hartu du Hondarribiko Udalak. Zer dela-eta hartu duzue jarrera hori?
Udala uneoro kontaktuan dago Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta haren aginduak jarraitu ditu orain arte izandako kasuetan eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko ditu. Hondarribian orain arte izandako kasuetan transmisio komunitariorik ez dela gertatu adierazi digu Osasun Sailak, hortaz, hortik etorri da positiboren bat atzemandakoan establezimendu batzuk ixtea, PCRak langileei egitea, bakartzeak finkatzea, eraginaren jarraipena egitea eta udalari ofizialki adieraztea. Eta berriz ere irekitzeko eman beharreko pausoak zehaztea eta betearaztea. Baina kasu guztietan Osasun Sailak eman ditu jarraitu beharreko aginduak eta udalak bete egin ditu pauso horiek.
Irungo taberna baten kasuan, berriz, Hondarribiko Udalari jendaurreko deialdia egiteko eskatu zion Osasun Sailak eta halaxe egin zuen, eta noski Hondarribian gertatu izan balitz, berdin-berdin egingo zuen. Aldi berean, udalak kasuen berri jakin ahala, harremanetan jarri da establezimendu guztien arduradunekin elkartasuna adierazteaz gain, komunikaziorako bideak ireki eta sor litezkeen ezustekoei elkarrekin aurre egiteko. Informazio ofiziala jaso ahala, udal taldeen artean partekatu da. Irailaren 7an, gainera, jendaurreko ohar baten bidez elkartasuna adierazteaz gain, eskerrak eman zaizkie establezimenduetako arduradunei.
Establezimenduen jarduera ekonomikoa herritarrek uneotan behar duten lasaitasun deiaren gainetik jarri du udalak. Krisi urte honetan uda sasoiko interes ekonomikoak gailendu al dira?
Ez nator baieztapenarekin bat, inondik ere. Pandemia egoeran zehar etengabekoa izan da egoera berrietara egokitu beharra, eta hori bereziki jarrai daiteke alkate bando bidez egin dugun komunikazioan. Galderan aditzera ematen den dikotomia ez dator bat udalaren jokabidearekin: Udalak pertsonen eta familien osasuna eta ongi-izatea nahi du eta horrekin batera herriko egoera ekonomikoari laguntzea.
EH Bilduren udal taldeak «gardentasun falta» egotzi dio gobernu taldeari. Nola baloratzen du EAJk akusazioa?
Lehenbiziko erantzunean adierazia dugu gure jokabidea. Irakurleari dagokio bere ondorioak ateratzea.
Inguruko herrietan jarraitutako prozedurekin alderatuta bestelako bide batetik doa Hondarribikoa.
Ez zaigu hala iduritzen, baina inguruko herriek egiten dutena beti errespetu osoz hartzen du Hondarribiko Udalak. Eta egoera berrietara egokitu eta hobetzeko prest egongo da.
Udal bakoitzaren esku dago kasuak publiko egitea?
Elkarrekin harremanetan gaude praktika onak partekatzeko, eta ziur gaude denek herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzen dutela denaren gainetik.
Zein politika jarraituko du aurrerantzean udalak?
Osasun agintariek finkatutako prozedura jarraituko dugu, ezin du bestela izan, adibidez, haien aginduz PCR jendetsuak egin ahal izateko, udalak baliabide guztiak prest dauzka 6 ordutan dena prest eduki eta beharrezkoak diren lanak egiteko beti ere hiritarraren osasuna eta segurtasuna lehentasuna izanik. Eta lehenbiziko erantzunean adierazitako prozedura jarraituko dugu, aldian-aldian hobe