Mugikortasun iraunkorra bultzatzeko seinaleztapena aldatzen ari da udala
Hilaren erdialdean izango den Mugikortasun Astearen harira neurri berriak ezarriko direla aurreratu du gobernu taldeak.
Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, hilaren erdialdean egingo den Mugikortasun Astearen harira herriko zenbait gunetan seinaleztapena aldatzeari ekin dio dagoeneko. Neurri berriak ezarriko direla iragarri du udalak eta “mugikortasun iraunkorrari balioa emateko, eta batez ere, oinezkoei mesede egiteko”, iragarri du Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak.
Hori horrela, hil honen erdialdean martxan jarriko den komunikazio planean zehaztuko dira aipatutako neurriak; horiek aktibatzeko hala ere, aurretik zenbait esku hartze egitea ezinbestekoa dela azaldu du arduradunak.