Kontxako Bandera Gaintxurizketan dago
Hondarribiko gizonen traineruak eskura du Kontxa lehen jardunaldi aparta egin eta gero .Emakumeetan, Hondarribia, Hibaika eta San Juan kontsolazio txandan daude
Sekulako aukera du Hondarribiko gizonen traineruak hirugarren urtez jarraian Kontxa irabazteko. Egin behar duen gauza bakarra da igandeko bigarren jardunaldian Zierbena atzean utzi, edo horrela ez balitz, haiengandik 7.91 segundo geroago iritsi gehien jota; 7.92ko aldea dago bizkaitarren eta berdeen artean. Gainontzeko traineruek ez dute aukerarik, urrun gelditu dira. Gizonen Kontxak Hondarribiaranzko bidea hartu zuen igandean, Gaintxurizketan dago. Arraun elkartearen hamalaugarrena litzateke.
Ama Guadalupekoa garaile balitz, arraunaren aro modernoan gutxik lortutakoa berdinduko luke. Oso zaila da hirutan jarraian Kontxa irabaztea. Kaikuk 1980 eta 1982 artean lortu zuen hori, eta Oriok 1996tik 1998ra. Azken hirukoa Urdaibairena da, 2014 eta 2016 artekoak irabazi zituelako. Hondarribiak badu gisa horretako aurrekari bat: 1965 eta 1968 artean lau bandera irabazi zituen, Jose Angel Lujanbio sanjuandarra patroi zutela. Ordutik, eta XXI. mendea ondo sartua izan arte, Hondarribiak ez zituen Kontxa gehiago irabazi.
Arraun elkartearen azken urrezko aroa 2005an hasi baitzen, 37 urteko lehortearen ondoren berriz ere Kontxa irabazi zutelako. Horren ondoren 2013koa iritsi zen, eta aipatutako 2018 eta 2019koak. Azken horietan denetan ezaugarri bat: Ioseba Amunarriz izan da lemazaina. Bosgarrena lortuta, patroi onenen zerrenda historikoan sartuko litzateke Amunarriz.
Aldeko haizea du Hondarribiak aurten berriz ere Kontxa irabazteko. Ez daitezela asko fio, ordea. Aldea badute, ia hiru trainerukoa hasi aurretik. Baina horri eusten badiote soilik konfiantza gehiegi izatea litzateke. Kontxan azken urteetan ia beti izan da garaile lehen jardunaldian denborarik onena egin duena. Baina ezusteko historiko asko ere izan dira.
Emakumeak, txikian
Aurten Kontxan ari diren Oarso Bidasoko emakumeen hiru traineruak kontsolazio txandan edo txikian izango dira etzi. Joan den igandean bosgarrena izan zen Hondarribia, seigarrena Hibaika eta zortzigarrena San Juan. Haiekin batera Zumaia ariko da.
Ahalik eta lan onena egiten saiatzeaz gain, badu arreta gunea txanda horrek. Izan ere, Hondarribiak eta Hibaikak bat egingo dute EuskoTreneko play-offean (ohorezko txandan dagoen Tolosaldeak ere), eta ikusiko da bien artetik zein dagoen indartsuen hilaren 19 eta 20ko kanporaketari begira. Ondorioak ateratzeko balekoa da.