EAJ: «Orainari aurre egin behar zaio, baina etorkizuna begi bistatik galdu gabe»
Mugikortasun iraunkorra, tokiko merkataritza eta ostalaritza, gizarte laguntzak eta etorkizuneko proiektu handien aldeko apustua egingo dute jeltzaleek ikasturte politiko berri honetan.
Irungo EAJ ikasturte politiko berriari begira jarri da. Hainbat esparru sustatzeko apustua egingo dutela iragarri dute gaur, hedabideei bidalitako ohar batean. Zehazki, mugikortasun iraunkorra sustatzea, tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea, gizarte laguntzak hobetu eta osatzea eta etorkizuneko proiektu handien aldeko apustua egitea izango dute helburu nagusi jeltzaleek. «Orainari aurre egin behar zaio, baina etorkizuna begi bistatik galdu gabe», esan du Xabier Iridoy bozeramaileak.
Mugikortasunari dagokionean, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan oso bat lantzea beharrezkotzat jo dute taldetik. Esaterako, Kolon pasealekukoan bidegorri «zabal eta seguru» bat egiteko proposamenaz aritu dira berriro, «bidegorri sare osatu eta bateratu bat gauzatzeko lehen fasea» izango litzatekeena.
Bestalde, hiriko denda eta tabernekin harremanak sendotzeko konpromisoa hartu dute jeltzaleek. «Dituzten beharrak lehen eskutik zeintzuk diren jakiteko aukera izango dugu, eta horrela, neurri egokiagoak eta eraginkorragoak planteatu ahal izango ditugu». Zentzu berean, Irun Aurrera planaren hausnarketa bat egitea eskatu dute, eta maiatzean osasun larrialdiak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko abian jarritako merkataritza bonuen eredua aldatu eta moldatu nahi du EAJk.
Gizarte laguntzetan ere hausnarketa egiteko beharra nabarmendu du Iridoyk, eta pertsona ahulenei arreta berezia eskaintzeko premiaz aritu da, «badakigulako krisiak gehien behar dutenak zigortzen dituela».
Ekonomia alorrean, proposamen zuzena egin dute: 2020ko aurrekontua erabat birformulatzea. «Are gehiago. Egoera honek urtebete gehiago irauteko aukera eduki dezakeela kontuan badugu. Gure planteamendua hiriaren ongizatea hobetuko duten berehalako proiektuak lehenestea da», erantsi du jeltzaleak.
Proiektu handiak
Ikasturte berrirako ezarritako helburuen artean, Via Irun proiektua garatzea ere izango dute. Honekin batera, Irun Hondarribia eta Hendaiarekin lotuko dituen bidegorria egin edo Plaiaundiko kirol instalazioak Txenperenea eraman nahi dituzte. «Etorkizuneko proiektu handi hauek garatzea funtsezkoa da».
Amaitzeko, bestelako taldeekin hitz egin eta akordioetara heltzeko prest daudela nabarmendu du EAJk. «Irungo herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetuko duten hiri proiektuak landu eta indarrean jartzea beharrezkoa da», gehitu du bozeramaileak.