[Erreportajea] Mauken arteko jardun isila
Katu kolonien ongizate zein kontrolerako lan egiten du Hondarribiko Katuak taldeak udalerrian. 2017. urtean beste izen batekin abiatutako proiektuaren jarraipena da.
Mauken artean lan egiten du Hondarribiko Katuak taldeak. Katu koloniak zaintzea eta populazioa kontrolpean izatea da elkartearen helburu nagusia. Maiatza bukaeran bere burua ezagutarazi zuen elkarteak, baina urte hasieratik ari ziren udalerriko kaleko katuak elkartearen izenean zaintzen. Are gehiago, 2017ko udazkenaz geroztik, beste izen batenpean, katu koloniak zaintzeko lan isila egin du taldeak.
Katuak elikatzea, albaitaritza zerbitzua ematea, eta emeak antzutzea zein arrak zikiratzea osatzen dute euren egunerokoa, Irati Garcia elkartekideak azaldu duenez. Adopzioak ere kudeatzen dituzte, eta haren esanetan, epe luzerako lana da egiten dutena, udalerrian dauden katu koloniak egonkorrak eta tamaina handikoak baitira. Zauritutako animalia baten abisua jasotzen dutenean ere martxan jartzen direla erantsi du, «edozein momentutan larrialdi dei bat jaso dezakegu».
Katuaren egoeraren eta izakeraren arabera, prozedura ezberdina dela ere azaldu du. Katua harrapatzea, esterilizatzea, eta berriz ere askatzea da aplikatutako metodoa, populazioa kontrolatzeko era «eraginkorrena» baita . «Irakurleek uler dezaten, pentsa eme batek urtean hirutan erdi dezakeela, eta erditze bakoitzean hiru eta bederatzi katakume izan ditzakeela. Aldi berean, katakume horiek sei hilabeteren bueltan ugaltzeko prest egongo dira. Abiapuntua ikusirik, superpopulazioa kontrolatzeko esku hartzea ezinbestekoa dela uler daiteke», esplikatu du.
Baina ez hori bakarrik. Katuen ongizatea bermatzen du haien lanak, auzokideekin harremana errazagoa izaten da, eta oharak eragin ditzakeen eragozpenak zein arren migrazioa eme bila ekiditen ditu metodoak, errepideetan izan daitezkeen istripuak gutxituz.
Ildo horretan, harrapatutako katuen artean, basatiak eta gizartekoiak bereizten dituzte. Lehenak etxe batean ixtea ezinezkotzat jotzen duten bitartean, bigarrenei harrera etxe bat edo adopzio bat bilatzen saiatzen dira, egokitzapen prozesu baten bitartez. Aurten, gainera, katakume ugari kaletik ateratzeko aukera izan dutela erantsi du kontent Garciak, nahiz eta zapore gazi-gozoa duen, aste honetan bertan salaketa bat aurkeztu behar izan dutelako askatutako hainbat katu Irungo Belaskoenea auzoko tren geltokian poltsa baten barruan aurkitu dituztelako.
Katuen aldeko amarauna
Harrera etxeek eta boluntarioek egindako lanarekin eskertuta agertu dira Hondarribiko Katuak taldeko kideak. Sarea sortzea «oso zaila» dela onartu du Garciak, baina bidean aurkitutako pertsonek egindako lanari balioa eman nahi izan dio: «Haien inplikazioa primerakoa izan da».
Elkarte bezala eratuta dago taldea, eta Hondarribiko Udalaren babesa du proiektuak. «Udalerrian agertzen diren jaberik gabeko animalien arduraduna da udala, eta modu etikoan eta arduratsuan kudeatzen ari delako arazoa eskertuta gaude». Hala ere, lan asko egiteke dagoela iritzi dio elkartekideak: «Koloniak babesteko kartelak jartzea, adopzioak sustatzeko udalaren webgunean atal propioa sortzea…».
Hori horrela, proiektuan parte hartzera animatu ditu herritarrak, «kolaborazio modu ezberdinak kontsultatzera». Izan ere, baliabide ekonomikoen mugan dago taldea, udalak diru laguntzaren %60 aurreratzen baitu soilik. Hala, baliabide gehiago bildu ezean zaila izango zaiela lanarekin jarraitzea deitoratu du kideak, «ezin ditugu fakturak kontrolik gabe pilatu».