Xakearen munduan trebatzeko aukera eskainiko du aurten ere Bidasoa Xake taldeak
Urriaren 1ean hasiko dituzte ohiko klaseak. Osasun krisia dela eta, aurten partaideen kopurua murriztea erabaki du klubak.
Bidasoa Xake klubak ere dena prest du ikasturte berrirako. Beraz, urritik aurrera, xakearen munduan trebatzeko interesa duten eskualdeko haur zein helduek aukera paregabea izango dute. Halere, aurtengoa berezia izango dela iragarri du klubak, osasun krisiagatik partaide kopurua murriztea erabaki baitute.
Ikasturte berrirako, gainera, lokal berria estreinatuko du klubak. Irungo Lope de Irigoien kaleko 19. zenbakian ariko dira xakelariak, baina Hondarribiko Klink elkartean ere jarraitzeko asmoa adierazi dute. Hilaren 21etik aurrera ate irekien jardunaldiekin hasiko dira; urriaren 1ean aldiz, ikastaroei ekingo diete. Informazio guztia, esteka honetan kontsulta daiteke.