Profesional mailako pilota jaialdia egingo dute hilaren 19an, Jostaldin
Maila handiko pilotariek parte hartuko dute lehiaketan, besteak beste, Olaizola II eta Zabaleta bikotea Ezkurdia eta Arangurenen aurka lehiatuko da.
Jostaldi pilotalekuak maila handiko pilota jaialdia hartuko du hilaren 19an, larunbatarekin, 20:00etan hasita. Jaiei amaieran antolatu ohi du Hondarribiko Udalak pilota jaialdia, eta aurten festa ekitaldirik ez dagoen arren, “segurtasun neurri guztiak beteta” partida antolatzea erabaki dute, Juan Luis Silanes Kirol zinegotziak aditzera eman duenez.
Bi partida jokatuko dira hilaren 19ko lehian: lehenean, Arteaga II eta Urretabizkaia II bikotea Egiguren V eta Erostarberen aurka ariko da; bigarrenean, berriz, Olaizola II eta Zabaleta taldea Ezkurdia eta Arangurenen kontra lehiatzeko txanda izango da.
Jaialdirako sarrerak 20 euroan daude salgai (10 euroan 18 urtez azpikoentzat) Arma Plaza informazio gunean eta Matxin Artzu kaleko turismo bulegoan. Internet bidez ere eskura daitezke.