Atzoko PCR probek ez dute positibo berririk azaleratu
Ficoba erakustazokan ari da Osasun Saila PCR proba masiboak egiten hilaren 24a eta 28a bitartean Gaztelumendi tabernan egon zirenei.
Irungo Ficoba erakustazokan atzo egindako PCR masiboek ez dute positiborik utzi, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur plazaratutako datuen arabera. 445 PCR test egin zituzten Osakidetzako zerbitzuek atzo, eta gaur eguerdirako 427 testen emaitzak ezagutzen ziren, baina horietatik bakar batek ez du koronabirusean positiborik eman.
Abuztuaren 24a eta 28a bitartean Irungo Gaztelumendi tabernan izandakoei luzatu die PCRa egiteko deia Osasun Sailak. Atzoko testei, gaur aurreikusitako 353ak gehitu behar zaizkie —bihar eguerdian ezagutaraziko dituzte horien emaitzak—. Momentuz, ez da agerraldiarekin lotutako kutsatu berririk atzeman, nahiz eta denera, 2.500 bat lagun deitu dituzten COVID-19 gaitzaren testa egitera.
Gaztelumendi tabernako bost langilek positibo eman ostean piztu ditu aste honetan Osasun Sailak alarma guztiak. Areago, ohiko bezero baten kutsatzearen berri izan zenean ondorioztatu zuen kutsatze komunitarioa egon zitekeela duela gutxi berriz ere zabaldu duten Irungo San Juan plazako tabernan. Egoera baloratu ondoren, PCR masiboak egitera deitu zituen abuztua bukaeran bertan egondako herritarrei.