Alardearen gaineko hausnarketa plazaratu du Abotsanitzek
'#erriatxikotia' izenpeko kanpainaren berri ere eman du alderdiak, eta bertan bildutako esaldiak hausnarketaren oinarri direla azaldu dute.
2020. urtean egingo ez den Hondarribiko Alardearen gaineko hausnarketa plazaratu du Abotsanitz Herri Batzarrak. Hausnarketarekin batera, #erriatxikotia izenpeko kanpainaren berri ere eman du udal alderdiak. Kanpainaren barruan, lau astez, sinatu gabeko beste hainbeste esaldi herrian zehar jarri dituzte: «Pixkanaka askatuz joan diren txikoteak jarri izan dira Hondarribian zehar». Esaldi horiek hausnarketaren oinarri dira.
2019ko udaberrian eta udan egindako lanketa izan du hizpide udal alderdiak, baita aurten jarritako itxaropenean ere: «Prozesu bat martxan jarri zela sinistu genuen». COVID-19 gaitzak, ordea, horretarako bidea oztopatu diela hondarribiarrei uste dute alderdikideek, eta birusak utzitako hutsuneen artean, besteak beste, aurten ez dela alarderik izango nabarmendu dute.
Hausnarketak agerian uzten duen muinetako bat elkarrizketa bultzatzeko beharra da, «elkar-hizketan» hasteko beharra, Abotsanizten arabera, «barruan duguna askatzeko». Hondarribiarrak, eragileak eta alderdi politikoak «beharrezkoak» dira Abotsanitzentzat, «Hondarribiari, alardeari, eta belaunaldi berriei aukera bat» emateko. Hartara, elkarrizketa dela egin beharreko lehen urratsa uste dute herri batzarreko kideek: «Hondarribiarrok elkarrekin egin behar dugun afera da. Guk ez badugu egiten, nork egingo du?».
Hori horrela,aurrerapausoak ematera deitu du alderdiak eta alardearen gaineko gatazka gehiago ez luzatzeko eskaria luzatu die, halaber, herritarrei, eragileei eta alderdi politikoei. «Ausardiaz» aurrerapauso bat emateko galdegin die guztiei, «jarrera ahalbideratzaileak saretuko baitu etorkizuneko herria».