Hondarribia: Eusko Label ligako azken bi azterketak irailerako
Asteburuko estropaden ondoren bigarren jarraitzen du Hondarribiak, baina Santurtzitik bi puntura. Aresko bandera irabazi dute berdeek.
Ezin da esan aurtengo Eusko Label Ligak zirrararik ez duenik. Eta zirrara horren erdi-erdian Hondarribia dago. Asteburuan Aresko bandera irabazi larunbatean, eta atzo Boirokoan hirugarren izan ziren berdeak. Hau da: larunbat gauean Eusko Label Ligako lider ziren hondarribiarrak Santurtzirekin puntuz berdinduta, eta atzo bazkaltzeko orduan bigarren ziren, bizkaitarretatik bi puntura. Pena atzokoan Zierbena Sotera eta Ama Guadalupekoa ontzien artean sartu zela, bestela, aldea puntu bakarrekoa litzateke.
Liga hasierako ezegonkortasuna, banderen banaketan behintzat, leundu egin dela dirudi. Azken estropadetan Hondarribia eta Santurtzi izaten ari dira nagusi. Horrek ekarri du ligako azken bi estropadetarako, irailekoak, ligako azken garaipenari begira daudenen pronostikoak morera edo berdera mugatu direla. Izan ere, Hondarribia Santurtzitik bi puntura badago, berdeen atzetik Orio doa berdeetatik 14 puntura. Hortaz, garbi esan daiteke, Bermeoko (irailak 19) eta Portugaleteko (irailak 20) estropadak bien arteko bataila izango direla. Bizkaitarren aldeko bi punturekin, hori bai. Baina Hondarribiak bere buruan konfiantza handia du, eta bi estropadetan alde hori murrizteko eta gehiagorako gai da. Hala behar du izan irabazleen koroa lortzeko.
Bien bitartean, Kontxaren aroa hasi da. Gizonen traineruak ostegunean du sailkapen estropada, eta emakumeenak asteazkenean. Biak 17:30ean hasiko dira. Logikak dio bi traineruek urteko bandera handienean egon behar dutela.
Hondarribia B
KAE1erako txartela lortzeko aukera izan arren, Hondarribia Bk ez du lortu koska bat gorago egitea. KAE2ko azken bi estropadak Castron egin zituzten larunbatean eta igandean, eta bietan bosgarren egin ondoren, hirugarren postuarekin konformatu behar sailkapen nagusian, igoerarik ez beraz. Sasoi ona egin dute hondarribiarrek, baina ez nahikoa mailaz igotzeko.