Euskara arloko diru-laguntzak eska daitezke dagoeneko
Euskararen erabilera sustatzeko jarduerak eta ekintzak diruz laguntzeko 27.600 euroko diru saila prestatu du Hondarribiko Udalak.
Hondarribiko Udalak Euskara arloko 2020. urteko diru-laguntzak eskatzeko deialdia zabaldu du dagoeneko. Irailaren 15era arte eska daitezke laguntzak, eta denera, 27.600 euro banatuko direla jakinarazi du udalak. Euskararen erabilera sustatzen duten jarduerak eta ekintzak dira diruz lagunduko direnak.
Hori horrela, ondoko kasuetan eskatu ahalko da laguntza: 16 urtez azpiko ikasleei zuzendutako udako ikastaroak (9. 800 euro); euskara sustatzeko jarduerak antolatu dituzten elkarte edo taldeak (7.000 euro); euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak burutu dituzten 16 urtetik gorako herritarrak, zein barnetegi eta ikastaroetara joandakoak (7.000 euro); kanpoko errotulazioa euskaratu duten establezimenduak (1.800 euro); eta webgunea euskaratu dutenak (2.000 euro).
BAZen zein udalaren atari digitalean egin daiteke eskaera.