COVID-19ari aurre egiteko neurriak betetzen direla ziurtatuko du talde batek Irunen
Dinamizatzaile talde batek Irun bisitatuko du datorren ostiralean. Kanpainarekin «herritarrak eta ostalaritzaren sektorea sentsibilizatu» nahi dituzte Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Gipuzkoako ostalaritza elkarteak.
Dinamizatzaile talde batek Irun bisitatuko du datorren ostiralean (irailak 4),COVID 19ak eragindako pandemia eteteko hartu beharreko neurriak modu egokian betetzen direla bermatzeko. Asmoa, «herritarrak eta ostalaritzaren sektorea sentsibilizatzea» dela zehaztu dute kanpainaren gidari diren Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Gipuzkoako ostalaritza elkarteak.
Hiriko erdigunea bisitatuko dute ostiralean, eta bereziki, jende pilaketa gehien jasotzen dituen udalerriko guneetan ariko dira, 22:00etatik 24:00etara. Tarte horretan, herritarak, ostalariak eta hauen bezeroak informatzen ibiliko dira. Besteak beste, musukoa erabiltzen dela, distantziak bermatzen direla eta hamarreko muga ez gaintzen dela ziurtatuko dute.
Kanpaina adin tarte guztietara zabaldu nahi duten arren, gazteengana iristeko ahalegin berezia egingo dutela azaldu dute antolatzaileek, «gaitzaren zabalkundea geldiarazteko kolektibo hori baita sentsibilizazio eta pedagogia lan gehien eskatzen duena».
Irunera heldu aurretik, Errenteria eta Oiartzun bisitatu ditu dinamizatzaile taldeak, eta «herritarrek arrera oso ona» egin diote aitortu dute.