80 urte geroago, Companys gogoratu dute bidasoarrek
Hamarka lagun bildu ziren larunbatean Etorbidearen zubian presidentea oroitzeko. 80 urte bete dira naziek Irunen entregatu zutenetik.
Joan den larunbatean (hilak 29) 80 urte bete ziren faxistek Lluis Companys i Jover Generalitateko presidentea Irunen entregatu zutenetik. Politikariak eta hiriak jasandako errepresio hori gogoratzeko ekitaldia egin zuten larunbatean, Kepa Ordoki elkarteak antolatuta. Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, zabaldu berri duten Etorbidearen edo Avenida zubian hamarka lagun bildu ziren.
Txalaparta soinuekin eta Amets Arzallusen bertsoekin girotu zuten oroimen ekitaldia. Ondoren, elkarteko kide Shole Agirrek hartu zuen hitza. «Faxismoak fusilatutako demokrazia baten gobernuburu bakarra da Companys eta puntu horretara iristeko, Avenida Zubia eta Bidasoa ibaia bortxaz zeharkatzera behartu zuten. Nork esango zuen 36an irteera izan zen zubira ekarriko zutela, Companys, errefuxiatuen guzti hauen babeslea», esan zuen larunbatekoan.
Urteurrenari lotuta, Kepa Ordoki elkarteak jakinarazi berri du Katalunian frankistak epaitutako 42 bidasoarren erreparazio juridikoa eskatuko diola Generalitatari. Besteak beste, frankistek Bartzelonan fusilatutako Justo Pozo Gonzalez, Damaso Carneado Marcen, Luis Vitini Flores eta Emilio Martin Rodrigo izenak bildu dituzte zerrenda horretan.
Presidentearen entregaren harira, lotura honetan elkarrizketa, bideo eta bestelakoak bildu ditu elkarteak.