Ez dela jai ekitaldirik egongo berretsi du gaur Txomin Sagarzazu alkateak
Zenbait ekitaldi erlijioso mantentzea erabaki du udalak, eta jairik egon ez dadin Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin lanean ari dela ohartarazi die herritarrei.
Aurten ez da Hondarribiko jaiekin lotutako ekitaldirik egongo. Hala baieztatu du Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak komunikabideetara igorritako oharrean: «Bizi dugun COVID-19 osasun egoera dela eta, gainontzeko herriek hartu duten erabakien ildo beretik, Hondarribian jai ekitaldirik ez antolatzea erabaki du udalak».
Festak bertan behera uztea «nahitaezkoa» dela iritzi dio Sagarzazuk komunikatuan. Hala ere, zenbait ekitaldi erlijioso mantenduko dituela baieztatu du, hala nola: Te deum eta Salbea irailaren 7an; Guadalupeko botoaren betetzea hilaren 8an; eta 1638. urtean hildakoen omenezko meza, 10ean. Guadalupeko bederatziurrenak online zabalduko ditu udalak bere webgunean eta sare sozialen bidez, baina erantsi duenez, «gonbidapena beharko da bertara joateko».
Era berean, udala eta eragileak bideo bat prestatzen ari direla aurreratu du Sagarzazuk, aurtengoak jai «bereziak» izango direla eta arauak errespetatzea «ezinbestekoa» dela gogorarazteko asmoz. Zentzu horretan, festarik egon ez dadin Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin batera lantaldea osatu duela udalak ohartarazi die herritarrei Sagarzazuk.