Bertso jaialdia egingo dute igandean, Kasino Zaharrean
Anjel Mari Peñagarikano, Arkaitz Estiballes, Jon Maia eta Maddalen Arzallus bertsolariak ariko dira oholtza gainean; Saroi Jauregi izango da gai jartzaile.
Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuak urteroko bertso jaialdia antolatu du iganderako (hilak 30), Kasino Zaharreko lorategietan, 20:00etan abiatuta. Anjel Mari Peñagarikano, Arkaitz Estiballes, Jon Maia eta Maddalen Arzallus bertsolarien koplekin gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek saioan zehar. Saroi Jauregi ariko da gai jartzaile lanetan.
Bertso saiora joateko interesa duten lagunek gonbidapenak jaso behar dituztela gogorarazi dute Euskara zerbitzutik, Arma Plaza informazio gunean edo ondoko atari digitalean.