Sailkapenaren bigarren posturaino arraun egin du Ama Guadalupekoak
Santurtzin bigarren sailkatu ondotik, Sestaoko banderan garaile izatea lortu zuen Hondarribiak, eta lehenengotik puntu bakarrera dago uneotan.
Go Fit Hondarribiak Eusko Label Ligaren hasierako emaitzak iraultzea lortu du azken jardunaldietan. Pixkanaka sailkapen orokorreko bigarren postura arte salto egitea lortu dute berdeek; are gehiago: lehen postuan kokatutako Santurtziko ontzitik puntu bakarrera sailkatzea lortu du.
Santurtziko XLI. Ikurrina jokatu zuten Eusko Label Ligako traineruek larunbatean. Ohorezko txandan arraun egin zuen Hondarribiak eta Zierbenarekin lehia bizian aritu ondoren, bigarren sailkatu zen azkenean Ama Guadalupekoa 19:06,74 marka lortuta.
XIX. Sestaoko Udala Banderan, bestalde, egindako lanaren emaitzak jasotzea lortu zuten berdeek eta bandera gogoz astindu zuten bukaeran. 19:27,98 denbora eskuratuta, laugarren bandera lortu du modu honetan Ama Guadalupekoak, eta gehitutako hamabi puntuei esker, sailkapen orokorreko bigarren postuan kokatzea lortu du, Santurtzitik puntu bakarrera.
Hondarribia B eskifaiari dagokionez, XVII. Algortako Portuzarra Ikurrina eta Antton Bilbao Bandera jokoan egon dira asteburuan KAE2 ligan, hurrenez hurren. Larunbatean laugarren sailkatu zen ontzi berdea 21:14,26 markarekin, eta atzokoan bigarren, 21:06,42 denbora eginda. Emaitzek sailkapenaren hirugarren postuan mantendu dute Hondarribiko trainerua, bigarrenetik bederatzi puntura.