Bizkaiko uretan lehiatuko dira berdeak asteburuan
Hirugarren postuan daude Hondarribia Arraun Elkarteko A eta B ontziak; lehen postuen artean mantentzeko erronkari aurre egin beharko diote berdeek.
Hondarribia Arraun Elkarteko traineruak Bizkaian lehiatuko dira asteburuan. Santurtziko XLI. Ikurrina eta XIX. Sestaoko Udala Bandera egongo dira jokoan Eusko Label Ligan, batetik, eta XVII. Algortako Portuzarra Ikurrina eta Antton Bilbao Bandera KAE2n, bestetik. Euskotren Liga bukaerara iritsi zen azken jardunaldian.
Zarautzen lortutako emaitza onen ondotik sailkapen orokorreko hirugarren postuan jartzea lortu zuen azken asteburuan A traineruak. Liderraren etxean garatuko da biharko estropada, eta sailkapenari erreparatuta, norgehiagoka bizia izango dela iragarri daiteke. Izan ere, bigarren postua betetzen duen Oriotik bi puntura soilik baitago Hondarribia eta Santurtzitik zazpira. Biharko estropada 18:00etatik aurrera jarraitzeko aukera egongo da, eta etzikoa, 12:10ean.
KAE2 ligan, bestalde, lehen postuen artean mantentzeko borroka egingo du B ontziak. Bigarrenetik zazpi puntura daude berdeak, eta lehenetik hamaikara, beraz, maila eman beharko du eskifaiak asteburuan. Bi estropadak 19:00etan izango dira.