Korrontziren doinuak entzungai bihar, Junkal plazatxoan
Agus Barandiaran trikitilariak sortutako folk musika taldeak emanaldia eskainiko du bihar Irungo udako kultur agendaren barruan.
Korrontzi folk taldea Junkal plazatxoko oholtza gainean ariko da bihar, 20:00etatik aurrera. Udako kultur agendaren barruan antolatutako ekitaldia da biharkoa, eta Irungo Udaleko Kultur departamentutik gogoratu dutenez, 50 minutu lehenago sartzeko gonbidapenak banatuko dituzte han bertan.
Korrontzi taldea Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen 2004ean. Haren helburua banda osatzerakoan, euskal musika herrikoiari zein bere lurraldeko antzinako hots tradizionalei beste ikuspuntu moderno eta garaikideago bat ematea zen, beti ere trikitixa musikan oinarritutako ikuspuntu batetik, eta horrekin batera txalaparta edo alboka bezalako beste instrumentu tradizional batzuk ardatz hartuta.