Zarauzko bandera bereganatu dute berdeek
Emakumeek azken postuan bukatu dute 2020ko Euskotren Liga, eta sailkapen orokorreko hirugarren postuan kokatzea lortu du B ontziak.
Zarauzko XLIII. Ikurrina irabaztea lortu du Hondarribiko gizonen traineruak asteburuan jokatutako jardunaldi bikoitzean. Larunbatean jaun eta jabe izan zen Ama Guadalupekoa ontzia, eta ia 22 segundoko errenta lortu zuen atzoko estropadarako 21.00,48 denbora eginda. Hala, atzokoan Santurtzik estropada irabazi zuen arren, Zierbena gainditu, bigarren postuan sartu (19.30,38) eta bezperan lortutako errenta baliatuta bandera etxera ekarri zuen azkenean Hondarribia Arraun Elkarteko gizonen lehen traineruak. Sailkapen orokorreko hirugarren postuan kokatzea lortu du Hondarribiak, Oriotik bi puntura eta Santurtzitik zazpira.
Emakumeen eskifaiak bere aldetik, Zarauzko XII. Ikurrinarekin amaitutzat eman du 2020. urteko Euskotren Liga. Ontzi berdeak 12.08,30 denbora egin zuen larunbatean, eta 11.02,86 atzokoan. Hori horrela, sailkapen orokorreko azken postuan bukatu du eskifaiak hemezortzi punturekin, Orio irabazletik 28 puntura. Kanporaketak jokatu beharko ditu Hondarribiak mailari eutsi ahal izateko.
Hondarribia B ontziak KAE2 ligako L. Santander Hiria Bandera eta XV. Marina de Cudeyo Bandera irabazteko lehiatu da asteburuan Kantabrian (Espainia). Larunbateko jardunaldian hirugarren sailkatzea lortu zuen 21.36,16 markarekin, eta atzokoan bigarren 21.24,43 denbora lortuta. Sailkapen orokorreko hirugarren postura eraman du bote berdea azken jardunaldiak.