Zarautzen lehiatuko dira lehen bi traineruak, eta Santanderren B ontzia
Zarauzko banderak lortzeko lehiatuko dira asteburuan Eusko Label eta Euskotren ligetako eskifaiak; azken horrek gainera, amaitutzat emango du liga igandean.
Eusko Label, Euskotren eta KAE2 ligen beste jardunaldi bat jokatu dute Hondarribia Arraun Elkarteko ontzi ezberdinek asteburuan. Lehen bien kasuan, Zarautzen ariko dira asteburu osoan; B traineruari bere aldetik Santanderren (Kantabria) arraun egitea egokitu zaio bihar eta etzi.
Zarauzko XLIII. Ikurrina lortzeko borroka egingo du gizonen eskifaiak, lehen eta bigarren jardunaldian. Bigarren txandan arraun egingo du Hondarribiak, eta sailkapen orokorreko postuetan gora egiteko norgehiagoka izango da asteburukoa. Uneotan, bosgarren postuan daude berdeak, 84 punturekin. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da biharko estropada, eta eguerdiko 12:00etan igandekoa.
Emakumeen boteari dagokionez, Orio da Euskotren Ligako aurtengo garailea azken estropadan erabaki zenez. Hondarribikoak azken postuan daude, Arraun Lagunak azken-aurrekotik hiru puntura. Hala, posizioa hobetzeko borroka egingo du ontzi berdeak Zarauzko XII. Ikurrinaren bi jardunaldietan. 17:40ean hasiko da biharko estropada, eta 11:40ean etzikoa, eta azken jardunaldi horrekin amaitutzat emango da 2020. urteko Euskotren Liga. Hurrengo saioetan mailari eusteko kanporaketei aurre egin beharko die Hondarribia Bertako Igogailuak ontziak.
Hondarribia B trainerua, KAE2 ligako L. Santander Hiria Bandera eta XV. Marina de Cudeyo Bandera irabazteko lehiatuko da asteburuan. Sailkapen orokorreko hirugarren postua betetzen dute berdeek, bigarrenetik sei puntura. Arratsaldeko 18:00etan arraun egitea egokitu zaie bi egunetan.