Alarde publikoa, parekidea eta bakarra aldarrikatu du EH Bilduk
Alardearen egoeraren inguruko hausnarketa plazaratu du koalizio abertzaleak. Aurten alardeak utzitako hutsunea elkarrizketarako eta elkar ezagutzeko baliatzera deitu du.
Alarde publikoa, parekidea eta bakarra. Hori da EH Bilduren udal taldeak plazaratutako hausnarketaren ondorio eta aldarrikapen nagusia, bertan ezagutarazi duenez. Jaiak «guztionak» direla baina «inorenak bereziki ez», defendatu du koalizio abertzaleak, eta ildo horretan, gaineratu duenez, «inor ezin da horietaz jabetu, eta inor ez da baztertua izan behar horietan parte hartzeagatik».
Kolokan jarri du, halaber, gainontzeko udal alderdien jarrera, «sen onak» agindutakoa ez betetzeagatik: «Jaietan ezin dela inor baztertu». Izan ere, «hipokritatzat» jo ditu EAJ eta PSE-EE agerraldi publikoetan «distantziakidetasuna» irudikatu arren, «beren ekintzetan, gizarte integrazio harmonikoa lortzeko urrutien dauden aukerekin, muturreko jarrera katolikoenekin, lerrokatzen baitira».
Abotsanitzen kasuan, bestalde, alderdiaren jarrera alardearen aurrean inoiz ez dela «oso argia» izan iritzi dio EH Bilduk: «Soilik esan dezakegu kontraesankorra iruditzen zaigula alardean emakumeen parte hartzea defendatzen dutela esatea, eta alarde baztertzaileari harrera egitea zilegitasuna aitortuz».
Hori horrela, «erdibideko formulak» bilatzearen alde agertu da koalizioa, baita elkarrizketa bat hasteko ere konponbidean aurrera urratsak egiteko, proposamenak aurkezten joateko. «Hondarribiko herriaren gehiengoak gai hau konpontzea behar du», erantsi du.
Egun bereziak izango lirateke datozenak hondarribiarrentzat izurriaren eraginez festak bertan behera geratu izan ez balira. Hortaz, aurten alardeak utzitako hutsunea «elkarrizketarako, elkar ezagutzeko eta konponbideak bilatzeko» baliatzera deitu du EH Bilduk. «Akats larria» izango litzateke koalizioarentzat hausnarketarako tartea ez aprobetxatzea.
Bertan irakur daiteke Hondarribiko EH Bilduren jaien inguruko hausnarketa bere osotasunean.