Udal bulegoa eta Portuko egoitza Arigune izendatu ditu Abotsanitzek
Euskaraldiarekin bat egitea erabaki zuen alderdiak joan den asteko herri batzarrean, eta aurtengo ekitaldiko berritasunari jarraituz, euskaraz lasai aritzeko guneak izendatu ditu dagoeneko.
Abotsanitzen udal taldeak aurtengo Euskaraldiarekin bat egitea erabaki zuen iragan astean egindako herri batzarrean, eta Portuko egoitza zein udal bulegoa Arigune izendatzea hobetsi zuen. «Abotsanitzek bere eguneroko jardueran euskaraz jarduteko konpromisoa berretsi du modu horretara», azaldu dute alderditik.
Ahobizi eta Belarriprest rolez gain, Ariguneak dira Euskaraldiak aurten aurkeztutako berritasuna. Alegia, euskaraz lasai hitz egiteko guneak dira Ariguneak, entitateei modu kolektiboan Euskaraldian parte hartzeko eskainitako aukera.
Horrez gain, hondarribiarrei dei egin die Abotsanitzek Belarriprest edo Ahobizi roletan, edota talde dinamizatzailean parte har dezaten.