Zaldi salto ligak Jaitzubian egingo du geldialdia asteburuan
Espainiar Estatuko Iparraldeko XIV. Salto Ligaren hurrengo jardunaldiak Irungo Jaizubia Hipika Klubean leku hartuko du, gaur aurkeztu dutenez.
Jaizubia Hipika Klubak jardunaldi berezia hartuko du asteburu honetan, hilak 15-16, gaur jakinarazi dutenez. Espainiar Estatuko Iparraldeko XIV. Salto Ligaren hurrengo jardunaldia bertan egingo dute, larunbatean eta igandean, goizeko 08:00etatik hasita.
Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Jose Luis Gamarra klubeko presidentea, Xabier Berrotaran hipikako zuzendari teknikoa, Jose Antonio Niño Euskal Hipika Federazioko COVID-19 gaitzaren arduraduna, eta Maite Gonzalez zuzendaritzako kidea.
Berrotaranek azaldu duenez, 180 bat zaldi eta berrehun irteera inguru egingo dituzte txapelketan zehar, eta leku ugaritatik iritsitako klubak zein partikularrak izango dira lehiaketan. Euskal Herri osoko lehiakideez gain, Frantziako, Espainiako eta Galiziako zaldizkoek ere parte hartuko dute bertan. Jaizubia Hipika Klubak 70 bat irteera egingo ditu, Berrotaranen arabera, eta batez ere, ume eta gaztetxoei zuzendutako lehiaketa amateurra dela zehaztu du.
Gamarra klubeko presidenteak, boluntarioen lanari balioa eman nahi izan dio: «Halako txapelketak ezingo lirateke egin haiek gabe». Horrez gain, inguruko herritar oro gerturatzera gonbidatu du eta saltoez disfrutatzera. Gainera, urte osoan zehar hurbildu daitezkeela argitu du, «jende askok ez baitaki hori».
Gonzalezek bere aldetik, ekitazioa eskola kirolaren parte dela gogoratu nahi izan du, eta instituzioen inplikazioa beharrezkoa dela nabarmendu. Areago, genero ikuspegitik berdintasuna momentu oro bermatzen duen kirola dela azpimarratu du.
Protokoloa
COVID-19 gaitzaren aurkako borrokan protokolo zorrotza jarraituko dutela azaldu du Niñok aurkezpenean. Sarreretan tenperatura neurtuko zaie parte hartzaile guztiei, eta bakoitzaren izen-abizenekin batera harremanetarako telefono zenbakiak apuntatuko dituztela jakinarazi du, «zerbait gertatuko balitz arrastoa segitzeko erraztasunak izateko». Horrez gain, dutxetan pilaketak ekiditeko neurriak ere hartu dituztela, eta une oro, osasun neurri guztiak betetzen direla ziurtatzeko langileak izango direla erantsi du.