[Bideoa] 'Barrenetik' izenpeko lanketa abiatu du Guztion Alardea taldeak
Zauriak josten hasteko garaia dela sinetsita, herritarren arteko solasaldi sorta martxan jarri du gazte taldeak, «norberaren bizipenetatik gatazkarekin amaitzeko aurrerapausoak» azaleratuko baitira.
Gatazkaren konponbidean urratsak egiten jarraitzeko xedearekin Barrenetik izenpeko dinamika berria martxan jarri du Guztion Alardea taldeak. Elkarrizketa sustatzeko helburuarekin abiatutako dinamika da, «hitz egiten hasteko» eta «etorkizunera begiratzeko» garaia dela uste baitu gazte taldeak. Bide horretan, «zauriak jostea» ezinbestekoa iritzi diote, «norberak barruan duena atera, gai honekiko urteetan egon den isiltasuna apurtu, eta ondokoa, senidea, laguna, lankidea edota bizilaguna entzuten hasteko ordua da».
Herritarren arteko solasaldiak bultzatzeko xedea du ekimenak, norberaren bizipenetatik konponbiderako pausoak azaleratuz, gatazkaren konponbiderako bide berri bat zabalduz. «Orain arte grabatu ditugun topaketetan», azaldu dute oharrean, «argi ikus daiteke gaiak norberarengan duen garrantzia, eragin dion mina, baina batez ere, aurrera jarraitzeko bideak badaudela». Are gehiago, aurrera egiteko «mila modu» daudela iradoki dute gazteek.
Hori horrela, ezinbestekoak diren taldeei eta erakunde publikoei dei egin die taldeak, «herriarengatik eta alardearengatik mugitzen has daitezen». Gatazkaren bukaera herritarren esku dagoela jakitun diren arren, eragile ezberdinen eta ordezkari politikoen parte hartzea ezinbestekoa ikusten dute.
Gatazkari konponbide «duina» ematearen alde dagoen hondarribiar oro solasaldietan parte hartzera gonbidatu dute, «denon hitza ezinbestekoa» ikusten baitute. Hortaz, «alde bateko zein besteko» herritarrei ondoko helbide elektronikoaren bitartez harremanetan jartzera dei egin die taldeak.
Hilaren 17an hasiko da Guztion Alardea herritarren arteko topaketak partekatzen. Astero solasaldi bat elkarbanatuko du, taldearen sare sozialetan zein Youtube-ko kanalean. Ondokoa da aurrerapena: