Artiako Lagunak taldea Lesakako parke eolikoaren aurka azaldu da
Endara Bizirik proiektuaren aurkako plataformako kideen argudioak bere egin ditu taldeak eta kartel informatiboekin laguntza eman dute.
Artiako Lagunak taldeak Lesakan (Nafarroa) egin nahi duen Auzoberri parke eolikoaren aurkako jarrera agerian utzi du. Nafarroako Endara Bizirik plataformaren aurkako kanpainarekin bat egin du talde irundarrak, eta informazio kartelekin laguntza eman du. Horrez gain, informazio saioa egin zuen plataformak Irunen eta sinadura bilketan parte hartzera animatu zituen herritarrak. Denera, parke eolikoaren aurkako 3.433 sinadura aurkeztu ditu Lesakako Udalak eta Endara Bizirik plataformak Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan.
Proiektuak 200 metroko altuerako hamaika haize errota Lesakan kokatzea aurreikusten du. Parkearen aurkako plataformako kideek argudiatu dutenez, berrogei etxebizitza baino gehiago dauden eremuan jarriko lituzkete haize errotak, aztarna arkeologikoen artean, eta natur gune garrantzitsu baten erdian.