Arraunak Gora I. Balkoi Lehiaketako irabazleen berri eman du epaimahaiak
Maria Angeles Telletxeak irabazi du balkoi onenaren saria, baina Aritz Gonzalezek eta Imanol Ansak ere sari bana eskuratu dute.
Arraunak Gora I. Baloi Lehiaketaren irabazleen berri eman du gaur epaimahaiak. Horren arabera, Maria Angeles Telletxeak jasoko du balkoi onenaren saria «klubaren hainbat xehetasun» izateagatik, alegia, kamiseta berdeak, zapiak, argazkiak eta maskara. Balkoiaren originaltasuna eta argazkiaren kalitatea baloratu ditu epaimahaiak saria erabakitzeko garaian. Otordu bat Arroka Berri jatetxean jaso du Telletxeak sari modura.
Denera, 34 balkoi aurkeztu zituzten lehiaketara, gehienak Hondarribikoak, 25. Horiez gain, Irungo zazpi balkoi, eta Lezoko eta Bilboko balkoi bana ere. Hori horrela, parte hartzaile guztien artean bi zozketa gehiago egin dituzte antolatzaileek, bata, Endanea Gardenen gastatzeko 50 euroko txartela, eta bestea, Hondarribia Arraun Elkarteko saltokian erabiltzeko 50 euroko beste txartel bat. Kasu horietan, Aritz Gonzalez eta Imanol Ansa izan dira irabazleak, hurrenez hurren.
Epaimahaiari dagokionez, besteak beste, ondokoek osatu dute: Hondarribia Arraun Elkarteko Koldo Diaz presidenteordeak, Arroka Berri jatetxeko Jesus Anzisar nagusiak eta Gorka Cepeda sukaldariak, Matias Guillo argazkilari profesionalak, eta Arraunak Gora taldeko Ekaitz Retamosak.