Dena prest dute larunbateko estropadarako
Aurten kai berria eta espigoia guztiz itxita egongo diren arren, «zuhurtziaz» gozatzera dei egin du Joxemi Elduaien Hondarribia Arraun Elkarteko presidenteak.
Etzi larunbatarekin jokatuko dira estropadak Hondarribian. Horretarako dena prest dutela-eta Hondarribiko XXXIII. Bandera eta Txingudiko XII.a aurkeztu zituzten atzo Joxemi Elduaien Hondarribia Arraun Elkarteko presidenteak, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, eta Mapfre babeslearen Miguel Aguado ordezkariak. Bertan jakinarazi zutenez, 17:40ean Euskotren ligako eskifaien arteko lehia hasiko da, eta ordu erdi beranduago, Eusko Label ligakoena.
Aurten, baina, estropadak egon arren ez dira ohikoak izango. Elduaienek zaleei ohartarazi zienez, kai berria eta hondartzako espigoia itxiak egongo dira, eta arraunaren inguruan antolatutako festak, ospakizunak eta gainontzeko jarduerak bertan behera geratu direla erantsi zuen. Hala, eguna «zuhurtziaz» gozatzera deitu ditu hondarribiarrak zein bisitariak ere, eta ildo horretan, etxeko balkoiak bandera berdez apaintzera eta zaleak kamisetak eta zapiak janztera animatu ditu presidenteak.
1984. urtean lehen aldiz ospatu zenetik Hondarribiko estropada bost bider irabazi du bote berdeak etxeko bandera, azkena 2015ean. Uneotan sailkapen orokorraren bosgarren tokian dago gizonen eskifaia, eta azken postuan, emakumeena.